Jakiak ehuntzen 2023-12-22T11:48:25+00:00

“Jakiak ehuntzen, Zangozako merindadearentzako elikadura-gobernantza bertakotzeko eredu bat”, tokiko elikadura-sistemaren jasangarritasuneranzko trantsizioa sustatu nahi du, baterako gobernantza-sistema baten bidez.

Horrela, nekazaritzako elikagaien kate-maila guztiak inplikatu nahi ditu: ekoizpena, eraldaketa, banaketa eta merkaturatzea, kontsumitzaileengana iritsi arte.

Jakiak Ehuntzen ekimenak ‘Daniel & Nina Carasso’ fundazioaren finantziazioa du, lurraldekako elikadura-sistemen proiektuetarako deialdiaren bidez.

BERRIA

Zergatik Jakiak Ehuntzen?

2020ko pandemian, Zangozako Merindadeko herriek eta biztanleek jakitun izan ziren kanpoko menpekotasunaz, premia biziko produktuez hornitzeko. Menpekotasun horren arrazoiak izan ziren: produkturik eza edo tokiko produktuen berri ez izatea.

Premia erronka bihurtu zen, eta erronka, berriz, aukera: ingurumenarekin jasangarria izanen den eta ekonomikoki bidezkoa izanen den sistema baterantz bilakatzeko aukera, landa-ingurunean bizi direnak ahaldunduko dituena, eta gure herrien bideragarritasuna erraztu eta despopulazioa saihestuko dituena.

Baliabide guztien artetik, elikadura aukeratu zen abiapuntu. Elikadura osasungarria, jasangarria, aberatsa eta tokikoa, hondakinen kudeaketa integratuko duena, eta ekonomia zirkularraren zikloa itxiko duena. Pertsonak izanen ditu ardatz, bai nekazaritzako elikagaien sektorean lan egiten dutenak, bai azken produktua kontsumitzen dutenak.

Ekimen horretan, Zangozako Merindadeko elkarte eta udalek eta Entretantos Fundazioak parte hartu zuten. Fundazio horrek Zangozerriko nekazaritza-elikaduraren sistemaren diagnostiko operatiboa egin zuen, eta horren gainean garatu dira Jakiak Ehuntzen proiektuaren gainerako ekimenak.

Nola finantzatzen da?

‘Jakiak Ehuntzen’ ekimenak Cederna Garalur Elkartearen, Nafarroako Kutxa Fundazioak eta La Caixa Fundazioak sustatutako Innova Programarena eta Daniel y Nina Carasso Fundazioaren laguntza ekonomikoa du, ‘Lurraldeari atxikitako Elikadura Sistemak, 2022’ deialdiaren bidez.

Gainera, proiektuak Cederna Garalur eta Gu Pirinioa/Somos Pirineo elkarteen laguntza ekonomikoa du, baita tokiko erakunde publikoena ere, eta Zangozako Merindadeko hainbat elkarteren laguntza, Entretantos Fundazioaren laguntza teknikoa.

Zertarako Jakiak Ehuntzen?

  • Nekazaritzako elikagaien tokiko banaketa-sareak egituratzeko.
  • Tokiko elikadura-katea jasangarritasunaren ikuspegitik indartuko duen elikadura-sistema bat sortzeko.
  • Nekazaritzako elikagaien sektorearen inguruan lurraldean kokatutako baterako elikadura-gobernantzako sistema bat lantzeko.

Nortzuentzat Jakiak Ehuntzen?

Jakiak Ehuntzen proiektuak Zangozako Merindadeko herritar guztiak eta erakunde publiko, sozial eta ekonomikoak inplikatzen dituzten hainbat ekintza planteatzen ditu, tokiko nekazaritzako elikagai-sistema jasangarri baterako trantsizioa sustatzeko:

  • Nekazaritza eta abeltzaintza sektoreak, jarduera askoren protagonistak.
  • Nekazaritzako elikagaiak eraldatzeko instalazioak.
  • Elikagaien banaketa eta salerosketa.
  • Ostalaritza eta turismoa.
  • Eskola-jantokiak, zaharren egoitzak, elikagai-bankuak eta beste elikadura-ekipamendu kolektibo batzuk.
  • Tokiko elkarteak eta erakundeak.
  • Toki-administrazioak.

Jakiak Ehuntzenen mugarriak

  • 2020. Zangozako Merindadeko tokiko elikadura-sistemaren diagnostiko parte-hartzailea eta operatiboa landu.
    Diagnostiko horrek aurretiko azterlanak, planak eta diagnostikoak jasotzen ditu, eta epe labur eta ertainerako ekintzak lehenesten ditu.

Azterlan hori eta egikaritze-laburpen bat 2021ean aurkeztu ziren jendaurrean, eta lan-taldeak martxan jartzeko balio izan du; talde horienetan identifikatzen eta garatzen dira jarduera partikularrak.

  • 2021eko martxoa. Proiektuaren talde eragilea sortu.
    Taldea Cederna Garalur Elkarteko toki-garapeneko agenteek eta lurraldeko erakunde publiko, ekonomiko eta sozialeko ordezkariek osatzen dute. Hilean behin online bilerak egiten ditu, eta aurrez aurrekoak hiru hilean behin.
  • 2021eko maiatza: lantaldea sortu.
    1LT:Ekoizpena; 2LT:Ostalaritza eta merkataritza; 3LT:Lurraldeari balioa eman eta nortasun partekatua.
  • 2021eko urte-amaiera:
    Jarraipen Batzordea martxan jarri. Zangozako Merindadean gure proiektuarekin lotura duten gaietan lan egiten duten autonomia-arloko erakunde publikoek osatua. Batzorde horren helburua da Jakiak Ehuntzen proiektuaren administrazio- eta finantza-testuingururako koordinazio-esparru bat eraikitzea.

Zer dira Jakiak Ehuntzen proiektuaren lantaldeak?

Lantaldeen ardura da hasierako diagnostikoan lehenetsitako ekintzak eta proposamenak gauzatzea. Taldeak gaien araberakoak dira, eta, ondorioz, kasu bakoitzean sektore oso zehatzak tartekatzen dituzte. Lantaldeek online bilerak egiten dituzte aldian behin, baita hiru hilean behin aurrez aurreko bilera bat ere.

1.LT. Ekoizpena.

Nekazariek eta abeltzainek osatua.

Helburuak:

  • Bertako produktuaren banaketa eta merkaturatzea modu eraginkorrean nola sustatu definitzea.
  • Zangozako Merinaldean zuzeneko salmentarako merkatuak bultzatzeko moduari buruz eztabaidatzea.
  • Ekoizpen-sektoreen artean (lehen eta bigarren sektorea) lankidetza eta elkarlana indartzea.

Jarduerak

  • Ekoizleen merkatu/azoka bat edo gehiago abian jartzea, Zangozako Merindadean ikusgai izan daitezen.
  • Hainbat erakundek lurraldean egin asmo dituzten zuzeneko salmentako azokak eta merkatuak koordinatzea, eta tokiko ekoizleen presentzia handiagoa eta tokiko produktua ikusgarriagoa izatea ahalbidetu.
  • Eskura egonen diren tokiko produktuen katalogoa egitea, 2.LTarekin batera.
  • Saltoki txikietarako, kontsumo-taldeetarako eta ostalaritzarako banaketa koordinatzea lurraldean.
  • Ekoizpen-sektoreko eta merkataritza-, turismo- eta ostalaritza-sektoreko profesionalen arteko topaketak antolatzea, 2.LTrekin batera.

2.LT. Ostalaritza eta merkataritza.

Lurraldeko ostalaritzako, merkataritzako eta nekazaritzako elikagaien banaketako ordezkariak.

Helburuak.

  • Bertako produktuaren banaketa eta merkaturatzea modu eraginkorrean nola sustatu definitzea.
  • Merkataritza-, ostalaritza- eta sukaldaritza-establezimenduak bereizteko moduei buruz eztabaidatzea, tokiko produktua merkaturatzeari dagokionez, salmenta-bolumena handitzeko eta tokiko kontsumoa eta turismoa fidelizatzeko.
  • Zangozako Merindadean banaketa-, merkataritza-, jatetxe- eta ostalaritza-sektoreen arteko lankidetza eta elkarlana indartzea, baita sektore horien eta ekoizpen-sektorearen (lehen eta bigarren sektorea) artekoa ere.

Jarduerak.

  • Tokiko denda txikiak eta ostalaritza bereiztea tokiko produktuaren arabera, Zangozako Merindadean bateratu ahal izateko.
  • Tokiko produktua saltzen duten establezimenduen zerrenda egitea eta ezagutzera ematea.
  • Eskura egonen diren tokiko produktuen katalogoa lantzea, 2.LTarekin batera.
  • Ekoizpen-sektoreko eta merkataritza-, turismo- eta ostalaritza-sektoreko profesionalen arteko topaketak antolatzea, 1.LTrekin batera.

3.LT. Lurraldeari balioa ematea eta nortasun partekatua

Helburuak:

  • Elementu sinboliko eta kulturalak identifikatzea, Zangozako Merindadeko lurraldean nortasun partekatua sortze aldera.
  • Lurraldekoa izatearen sentimendua eta gizarte- eta ekonomia-eragileen eta -erakunderen arteko lankidetza sustatzeko moduak definitzea.
  • Lurraldean tokiko elikagaien kontsumoa sustatzeko moduak identifikatzea.
  • Lurraldean ekoizpen-sektoreak (lehen eta bigarren sektorea) egiten duen lan profesionalari balioa emateko moduak identifikatzea.
  • Estrategia eta kanpaina zehatzak diseinatzea Zangozako Merindadean lurralde-nortasun partekatua indartzeko, tokiko elikagaien kontsumoa handitzeko eta nekazaritzako eta nekazaritzako elikagaien jarduerari balioa emateko.

Jarduerak.

  • ‘Jakiak ehuntzen’ proiektuaren komunikazio-plana garatu eta abian jartzea, irudi korporatiboa, ikurritzak eta komunikazio-ekintzak barne.
  • Plan horrek, aldi berean, lurraldean nortasun partekatua sortzeko eta lurraldean ekoitzitako elikagaien tokian tokiko kontsumoa sustatzeko lanak hasiko ditu.
  • Herri-erakunde eta gizarte-erakunde gehiago erakartzea proiektuan parte hartzera.

Esku hartu nahi dut, nola eginen dut?

Jakiak Ehuntzen proiektuan funtsezkoak dira partikularren, enpresen, elkarteen, eskola-jantokien, nekazaritza-sektoreko profesionalen eta udalen parte hartzea eta ekarpenak. Horregatik, modu askotan parte hartzera gonbidatzen zaitugu:

Toki-erakundea bazara:

  • Lantaldeetan parte hartuz.
  • Gure proiektuarekin harremanetan jarriz, zalantzak argitzeko eta koordinazioa ezartzeko.
  • ‘Jakiak Ehuntzen’ proiektua zure komunikazio-kanalen bidez zabalduz: webgunea, whatsapp-aren hedapen-zerrendak, sare sozialak, iragarki-taulak.
  • Gure proiektuarekin lotura izanen duten azoketarako eta ekitaldi publikoetarako deialdiak egiten lagunduz.
  • Proiektuko jardueretarako udal lokalen erabilera erraztuz.
  • Datuak eguneratzea ahalbidetuz, proiektuan jasotako ekintzak garatze aldera.
  • Tokiko Agenda 21 eta Jakiak Ehuntzen proiektua uztartuz.

Elkartea, enpresa edo banakako pertsona bazara:

  • Jakiak Ehuntzeneko lantaldeetan parte hartuz.
  • Gure proiektuko ekintzak antolatzen lagunduz.
  • Ekintza horietan parte hartuz.

Nola jar naiteke harremanetan?