IRIS Gunearen aurkezpena Lekunberrin eta Irunberrin

Nafarroako IRIS Guneak, Cederna Garalur Elkartearekin lankidetzan, bere zerbitzuak aurkeztuko dizkie Nafarroako Mendialdeko enpresei, otsailaren 8an eta 13an, Lekunberrin eta Irunberrin, hurrenez hurren. Ekitaldian esku hartzeko, www.cederna.eu webgunearen bidez eman daiteke izena.

IRIS Gunea Nafarroako Berrikuntza Digitalaren Berrikuntza Gunea da, eta bere helburuetako bat Nafarroako enpresen eraldaketa babestea eta bizkortzea da. Guneak, Nafarroako Gobernuak koordinatuta, eraldaketa digitaleko prozesuen esparruan aitzindari diren 37 erakunde publiko eta pribatu elkartzen ditu.

Nafarroa digitalizatzeko leihatila bakarra izanik, IRIS Guneak orientazioa, aholkularitza teknikoa, prestakuntza, entsegu-espazioak eta laguntzei eta finantzaketa-iturriei buruzko informazioa ematen ditu. IRIS Guneak enpresen kontsultak jasotzen ditu, bideratu egiten ditu edo elkartutako erakunde espezializatuetara birbideratzen ditu.

IRIS Guneak, Cederna Garalur Elkartearekin lankidetzan, bi aurkezpen-saio antolatu ditu Guneak emanen dituen zerbitzuak zehatz-mehatz azaltzeko. Lehenengo saioa Lekunberrin izanen da, otsailaren 8an, Plazaolan, 15:00etan. Bigarrena, berriz, Irunberrin, otsailaren 13an, Gizarte Etxean, 16:30ean.

Hitzaldiek ordu eta erdi inguru iraunen dute, eta batez ere Nafarroako Mendialdeko enpresei bideratuta daude, baita digitalizazioan eta horrek ekar ditzakeen onuretan interesa duten pertsonei ere.

Zerbitzuen aurkezpenaz gain, bertaratuko direnek digitalizazioaren aldeko apustua egin duten lau enpresaren testigantzak entzun ahal izanen. Enpresa horiek eraldaketa-prozesua, gainditu beharreko erronkak eta eraldaketa digitalak haien negozioei ekarri dizkien onurak azalduko dituzte. Lekunberrin Basaburuko ‘Kudea Go’ eta Altsasuko ‘Lorea Loradenda’ egonen dira, eta Irunberrin, berriz, Agoizko ‘Los Jabones de Montse’ eta Ultzamako ‘Ultzama Baserri Eskola’.

Esku hartzea doan izanen da edukiera bete arte, eta interesa duten pertsonek Cederna Garalur Elkartearen webgunearen bidez eman dezakete izena, baita esteka honen bidez ere.

Por | 2024-02-01T10:50:55+00:00 febrero 1st, 2024|Albisteak|Comentarios desactivados en IRIS Gunearen aurkezpena Lekunberrin eta Irunberrin