Bidasoako eskualdeek “Bertako elikagaien ekoizpena” aurkeztu dute, Bertizarana-Malerreka-Bortzirietako tokiko produktuen katalogoa.

  • Nekazaritza jasangarriko ereduari jarraitzen dioten 15 ekoizle eta eraldatzaile atxiki zaizkio ekimenari.
  • Katalogo horrek Cederna Garalur Elkartearen babesa du, eta bere webgunean dago eskuragarri.

“Bidasoa Elikadura” programaren barnean, Bertizarana, Malerreka eta Bortziriak eskualdeetako udalek tokiko produktuen “Bertako elikagaien ekoizpena” izeneko katalogoa aurkeztu dute.

Dokumentu horrek zuzeneko salmenta egiten duten edo merkaturatzeko bide laburrak erabiltzen dituzten eta beren enpresa-estrategia nekazaritza jasangarriko eredu batean oinarritzen duten eskualde horietako 15 ekoizleri eta eraldatzaileri buruzko informazioa jasotzen du.

Horrez gain, fitxa bakoitzean produktuak non eros daitezkeen adierazten da: baserrian zuzenean, eskualdeko azoketan edo inguruko saltokietan.

Katalogo horren bidez, Bidasoa aldeko udalek tokiko elikadura-sistema indartu nahi dute, bertako produktuak eta enpresak ezagutaraziz eta tokiko kontsumoa sustatuz.

Ekimen hori Bertizaranako, Malerrekako eta Bortzirietako udalek eta MITERDek (Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioa) finantzatzen dute batera, lurralde-berrikuntzarako eta gizarte- eta ekonomia-jarduerak suspertzeko eta despopulazioaren aurkako borrokarako toki-erakundeek sustatutako proiektuak finantzatzeko laguntzen barnean.

‘Bidasoa Elikadira’ honako udal hauen ekimena da: Arantza, Beintza-Labaien, Bera, Bertizarana, Donamaria, Doneztebe, Elgorriaga, Etxalar, Ezkurra, Igantzi, Ituren, Lesaka, Oiz, Urrotz, Sunbilla eta Zubieta, Cederna Garalur Elkartearekin batera.

2022an jarri zen abian, eta helburua du eskualde horietako tokiko elikadura-sistema indartzea, sare-lana eta elikadura-katearen katebegien arteko aliantzak erraztuz: ekoizpena, eraldaketa, banaketa, merkaturatzea (zuzenean edo saltokien eta ostalaritzaren bidez), eta kontsumoa, familietara, kontsumo-taldeetara edo ikastetxeetara iritsiz.

Informazio gehiago:

  • Itsasne Mendiberri Jaurena. bidasoa-elikadura@cederna.es
Por | 2023-07-27T07:16:57+00:00 julio 27th, 2023|Albisteak|Comentarios desactivados en Bidasoako eskualdeek “Bertako elikagaien ekoizpena” aurkeztu dute, Bertizarana-Malerreka-Bortzirietako tokiko produktuen katalogoa.