Nafarroako Mendialdeko udalerriek konpromisoa hartu dute klima-aldaketaren aurkako borrokan

  • Nafarroako Mendialdeko 56 toki-erakundek ere berretsi dute Klimaren aldeko Alkateen Itunarekiko atxikimendua. Ekimen horrek Cederna Garalur elkartearen aholkularitza izan du elkartutako ekintzak abian jartzeko.

Azken urteotan, Nafarroako Mendialdeko udal askok inbertsioak egin dituzte berotegi-efektuko gasen emisioak murrizteko eta klima-aldaketaren ondorioetara egokitzeko. Horietatik, 56k konpromisoa formalizatzea erabaki zuten, eta Klimaren aldeko Alkateen Itunarekiko atxikimendua berretsi zuten horretarako. Cederna Garalur elkarteak, “Landa-iraunkortasuna 2” lankidetza-proiektuaren esparruan, informazioa eta laguntza eskaini die erakunde horiei, Klimaren eta Energiaren aldeko Ekintza Planetan jasotako ekintzak gauzatzeko.

Klimaren aldeko Alkateen Ituna ekimen europar bat da, eta, 2030erako, komunitateetan berotegi-efektua eragiten duten emisioak % 40 murriztea eta lurraldeak klima-aldaketaren ondoriotara egokitzea du helburu. Nafarroan, ekimena Nasuvinsa-ren bidez koordinatzen da, zeinak Klimaren eta Energiaren aldeko Ekintza Planak idatzi baitzituen eskualdez eskualde multzokatuta. Ekintza-planek hainbat lan-ildo dituzte, hala nola eraginkortasun energetikoa eta energia berriztagarrien erabilera hobetzea, mugikortasun iraunkorra, hondakinen kudeaketa eta ekonomia zirkularra sustatzea, natur ingurunearen antolamendua, uraren kudeaketa integrala, suteen prebentzioa edo 0 km-ko kontsumoa.

Nafarroako Mendialdean lau Klimaren eta Energiaren aldeko Ekintza Plan daude, eremuka antolatuta: Bidasoa-Baztan, Mendialdea, Sakana eta Pirineoaurrea. Horietako bakoitzean, udal sinatzaileek mailaz maila gauzatzen dituzte neurriak, tokiko lehentasunen eta finantzaketa-aukeren arabera.

Esparru horretan, Cederna Garalur elkarteak laguntza teknikoa eskaintzen die toki-erakundeei. Horrez gain, hainbat programaren bidez, informazio- eta sentsibilizazio-hitzaldiak ematen ditu landa-ingurunean, hala nola “Landa-iraunkortasuna 2” lankidetza-proiektua, 2023ko abuztuan amaitzen dena. Horrez gain, eskualde-mailako beste ekimen batzuk ere egiten dira.

Adibidez, Berako Udalak udaleko bero-sarea liburutegira, musika-eskolara, kultura-etxera, zahar-etxera eta osasun-zentrora zabaltzeko finantziazioa eskatu du. Halaber, Cederna Garalur-ek Erronkariko energia-komunitatea sortzen lagundu du, energia- komunitateei buruzko hitzaldiak antolatu ditu Oibarren, Zangozan, Ezkarozen eta Zubirin, eta argiteria publikoa berritzea aztertu du Agoitzen, Auritzen eta Abaurregainan.

“Landa-iraunkortasuna 2” lankidetza-proiektu bat da, Nafarroako Gobernuak eta Europar Batasunak finantzatua Landa Garapenerako PDR 2014-2020 Programaren bidez, eta Nafarroako lau Tokiko Ekintza Taldeek hartzen dute parte: TEDER Partzuergoa, EDER Partzuergoa, Erdialdeko Partzuergoa eta Cederna Garalur.

Informazio gehiago:

Lorea Jamar
Proiektuko teknikaria
Tel: 639 900 318
ljamar@cederna.es

Por | 2023-07-26T09:14:21+00:00 julio 26th, 2023|Albisteak|Comentarios desactivados en Nafarroako Mendialdeko udalerriek konpromisoa hartu dute klima-aldaketaren aurkako borrokan