Baztan-Bertizarana-Bortziriak-Malerrekako industria-batzordeak eta Cederna Garalurren prentsaurrekoa

Gaur, asteazkena, irailaren 19a, Cederna Garalur Elkarteak Lesakako Alkaiaga industrialdean duen enpresentzako zerbitzu-zentroan, Nafarroako Mendialdeko tokiko hedabideei eta, oro har, Nafarroako hedabideei deia egin zaie Baztan-Bertizarana-Bortziriak-Malerrekako industria-batzordeak eta Cederna Garalur Elkarteak Nafarroako Gobernuko Industria Kontseilaritzarekin gaur egun gutxiegi erabiltzen diren industria-eremuei erabilera berri bat emateko garatutako ekintzen berri zabaltzeko. Aipatu eremu horietako bat da gaur egun Arcelor Mittal enpresarena den Legasako industrialdea, bere osotasunean sekula erabili ez dena.

Eskualde-mailan hainbat azterketa eginda, udalen iritziz, horixe da eskualdean industrialde berri bat garatzeko lekurik aproposena, N-121-A errepidetik hurbil dagoela kontuan hartuta, Europarekiko lotura izateko aukerak aintzat hartuta.

Aurkezpenean, Jose Mari Aierdi, Cederna Garalur elkarteko lehendakariak; Garbiñe Elizegi, Baztango alkateak; Antonio Erreguerena, Bertizaranako alkateak eta Peio Etxabide, Lesakako alkateak parte hartu dute.

Bestalde, prentsaurrekoan, Elkarteak Nafarroako iparrean duen enpresentzako zerbitzu-zentroa kudeatzeko Lesakako Udalak eta Cederna Garalur Elkarteak sinatu duten hitzarmenaren berri eman da.

Denbora luzez, zentroa ekintzaileentzako hobia izan da (bertan enpresa berriek lekua izan zezaten); prestakuntza espezializaturako zentroa enpresa-kudeaketaren eta teknologia berrien arloan (sustatzaileei, autonomoei eta enpresaburu txikiei zuzenduta); eta, oro har, enpresaburuentzako aholkularitza zentroa, eskualdean enpresa-ekimena sustatze aldera.

Zentroan duela gutxi egindako berrikuntza-obrekin, eta lankidetza-hitzarmen berria sinatuta, asmoa da urrats bat gehiago ematea eta ‘coworking’ filosofiarekin lotutako zerbitzu berria ematea: horretarako, eremu txikiak alokatuko dira bulego gisa eta baliabide komunak partekatuko dira (Internet, inprimagailuak, faxak, eta abar), mantentze-lanetako kostuak murriztuko dira, eta eskualdeko enpresaburu txikien hurbilpena bultzatuko da, enpresaburuen arteko harreman- eta lankidetza-kultura berria sortuz.

Zerbitzu-zentroa berrituta, industria-batzordean parte hartuz, Cederna Garalur Elkartearen asmoa da eskualde horietan enpresa-sektorea bultzatzen laguntzea, eta aurtengo ekainean egindako Batzarrean finkatutako ildo estrategikoekin jarraitzea; horien artean, erakunde publikoen eta ekimen pribatuaren arteko topalekuak bultzatzea, Nafarroako Mendialdearen errealitatearen ikuspegi integrala izanen duten proiektu berritzaileetan parte hartuz.

Informazio gehiago:

Por | 2012-09-19T16:04:15+00:00 septiembre 19th, 2012|Prentsa Aretoa|Comentarios desactivados en Baztan-Bertizarana-Bortziriak-Malerrekako industria-batzordeak eta Cederna Garalurren prentsaurrekoa