Aitzina doa herritarren parte-hartzea Nafarroako Mendialdeko tokiko gobernantzan

  • Herritarren parte-hartzeari buruzko jardunaldiko ondorioetako bat da. Jardunaldia abenduaren 16an egin zen Leitzan, eta 28 lagunek hartu zuten esku.

Nafarroako Mendialdeko entitateek prozesu parte-hartzaileren bidez tokiko gobernantza herritarrei hurbiltzeko martxan jarri duten hainbat estrategiari esker antzeman ahal izan dugu herritarrek interes handiagoa dutela tokiko administrazioekiko eta gure herrietako gai kolektiboekiko. Hala ere, kultura parte-hartzailea garatu beharra dago herritarren artean, baita prozesu horiek moderatzen dituzten herri-administrazioen eta enpresen artean ere, ideia konstruktiboen ekarpena egitea sustatzeko, eta ideia horiek proiektu bihurtzeko.

Herritarren parte-hartzeari buruzko jardunaldiko ondorioetako bi dira horiek. Aipatu moduan, jardunaldia abenduaren 16an egin zen Leitzan, eta 28 lagunek hartu zuten esku. Jardunaldia Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuak eta NUKFk antolatu dute Cederna Garalur Elkartearen eta Leitzako Udalaren lankidetzarekin. Bertan, tokiko parte-hartzeari buruzko hainbat esperientzia ezagutu ahal izan ziren zuzenean, besteak beste: “Leitza kontsumituz” proiektua, Nafarroako Gobernuak aintzatetsia tokiko parte-hartze jarduera egoki gisa; Esteribarrek bere Lurraldea Antolatzeko Plana berrikusteko burututakoa; Lizoain-Arriasgoitiko arte-ondarea berreskuratzea; Etxarri Aranazko plaza birmoldatzea; Baztango Zaporeak elkartearen nekazaritzako elikagaien ekoizleen esperientzia; nahiz Ultzamako II. Berdintasun Plana.

Horrez gain, mahai-inguru bat egin zen, herritarren eta gizartearen parte-hartzea bultzatzeko dauden erronkei eta proposamenei buruz eztabaidatzeko. Mahai-inguru horretan Cederna Garalur Elkarteko, Agoizko Udaleko, Pirinioetako Emakumeen Sareko eta Garrapo SMko ordezkariak egon ziren.

Bai hizlariek, bai jardunaldian parte hartu zutenek, tokiko prozesu parte-hartzaileek herritarren toki-erakundeekiko interes handiagoa ekarri dutela nabarmendu zuten. Nola herritarrek, hala herri-administrazioek, gardentasun handiagoa antzeman dute kudeaketa publikoan, batez ere toki-erakundeek sustatu dituzten prozesu parte-hartzaileetan, ez horrenbeste administrazio erregionaletan.

Kasu honetan, politika erregionalak lurraldera hurbiltzeko ahalegina antzematen bada ere, prozesu parte-hartzaile erregionalen gorakada ez dator bat prozesu horien kalitatearekin; halaxe adierazi zen jardunaldian.

Hainbat alderdik paratzen ahal dute arriskuan herritarren parte-hartze bidezko gobernantza: besteak beste, proposamenak plan erregionaletan txertatzeari buruzko informazio eza; landa-eremuan giza baliabide eza (horrek pertsonak berak behartzen ditu prozesu desberdinetan parte hartzera, asetzeraino); tokiko eta erregioko administrazioen arteko koordinazio eza; planteamendu ez oso egokiak landa-eremuetako prozesu parte-hartzaileak planifikatzean; eta prozesuak kudeatu eta koordinatuko dituen talde eragilerik ez egotea.

Saioak, halaber, agerian jarri zuen tokiko prozesu parte-hartzaile horietan emakumeak egotea bultzatu beharra dagoela, genero-ikuspegia jasoko duten planteamenduen bidez.

Halaber, antzemandakoaren arabera, herritarren parte-hartzea egiazki tokiko eta eskualdeko politiketan integratzeko, ezinbestekoa da herri-administrazioek ulertzea parte-hartze hori tresna estrategiko bat dela, eta horretarako, tokian tokiko herritarrekin konpromisoak hartu behar dituzte, bileren asmoari eta tokiko planen diseinuan proposatutako ideiek egin duten bideari buruzko informazioa eman behar dute, eta tokiko elkarteei eta sarean egindako lanari babesa eman behar diete.

Horiez gain, nahitaezkoa da tokiko herritarrengan kultura parte-hartzailea sustatzea, eta horretan, arazoak mahai gainean jartzeaz gain, soluzioak edo ideia konstruktiboak ematea.

Jardunaldiaren ondorioak atxikitako agirian deskarga daitezke.

Por | 2018-12-19T09:59:11+00:00 diciembre 19th, 2018|Albisteak|Comentarios desactivados en Aitzina doa herritarren parte-hartzea Nafarroako Mendialdeko tokiko gobernantzan