Cederna Garalur Elkarteak bere batzarra egin du, eta susperraldi ekonomikoa erakutsi du

Cederna Garalur Elkarteak, Nafarroako Mendialdeko tokiko ekintza-taldeak, batzar nagusia egin du Irurtzunen, maiatzaren 7an. Batzarraren buru Amaia Ekisoain eta Ibon Mimentza izan ziren, elkartearen presidenteordea eta kudeatzailea, hurrenez hurren.

Une berezia izan zen, legealdi honetako azken batzarra izan baitzen.  2018ko oroitidazkia eta kontuan, eta 2019ko lan-egitasmoa eta aurrekontua azaltzeaz gain, elkartea 2014ko abenduan porrot egin zuenetik gertatutakoaren balantzea egin zen.  Ixteko zorian egotetik finantza-egoera orekatu batera pasa garela nabarmendu zen. Orain, egoera hori finkatu beharra dago guztion parte-hartzearekin.

Denbora-tarte horretan, elkarteak uko egin zion proiektu propioetan arriskatzeari eta defizita sortzen zuten hainbat zerbitzu emateari: besteak beste, Europari buruzko informazio-zerbitzua (Europe Direct) eta turismo-kalitatea hobetzeko kudeaketa-sistema (SICTED).  Zerbitzu nagusiei eutsi genien: Nafarroako Mendialdea 2014-2020 LGP programaren kudeaketa; ekintzaileei eta toki-erakundeen proiektuei babesa. Aldi berean, lana sendotu genuen beste arlo batzuetan: hala nola, toki-erakundeen eta Nafarroako Gobernuaren arteko bitartekaritza, 2017 eta 2018rako Landa Garapeneko Departamentuarekin sinatutako akordio bati esker.  Halaber, gizarte-masa eta plantilla gehiena mantendu dela azpimarratu zen. Plantilla bere gaitasuna hobetzen ari da diziplina anitzeko talde gisa jarduteko.

2018ko oroitidazkiari dagokionez, mugarri garrantzitsuenen artean dugu Nafarroako Mendialdeko 80 enpresa berriri emandako laguntza; horiek, 90 lanpostu sortu zituzten, gehienak emakumezkoenak. Landa Garapeko Programari dagokionez, Ibon Mimentzak gogora ekarri zuen 2016an deialdia zabaldu zenetik 4,8 milioi eurotik gora banatu direla laguntzetan. Zehazki, 2018an 2017ko deialdira aurkeztutako 50 proiekturi laguntza ematea onartu zen, eta horrez gain, hirugarren deialdia ireki zen: 46 proiektu aurkeztu ziren. Orobat, Cederna Garalur Elkartearen Energia Efizientziaren eta Kudeaketaren Zerbitzuaren emaitza honak azaldu ziren.

Ondoren 2019rako lan-egitasmoaren berri eman zen. Horren barnean txertatzen dira, besteak beste, Nafarroako hegoaldeko EDER taldearekin lankidetza-proiektu berri bat martxan jartzea, Birdwatching-i, hau da berriki onartua den La Caixaren InnovaSocial laguntzen bitartez ekintzailetzari babesa emateko zerbitzuari buruzkoa, eta Nafarroako Gobernuarekin hitzarmen bat sinatzea, Nafarroako beste tokiko ekintza-taldeekin lankidetzan ekonomia zirkularreko ekintzak ezartze aldera. Landa-garapeneko programari dagokionez, 647.000 €-ko deialdi bat irekitzea aurreikusi da, eta horrez gain, programa horrek gaur egunera arte izan duen garapenari buruzko kanpo-ebaluazio bat enkargatzea.  Halaber, gaur egun ditugun finantziazio-iturriei eustea oso garrantzitsua dela azpimarratu zen, horrek aukera emanen baitigu ekonomia hobetzen jarraitzeko, eta berriro finantza-arazoak ez izatea.

Bestalde, Cederna Garalur Elkarteko presidenteordeak Mendialdearen garapenerako horren garrantzitsua den elkarte honetan inplikaturik dauden eragile guztien lana eta konpromisoa nabarmendu zituen, eta korporazio eta erakunde pribatuak eta sozialak animatu zituen «proiektu ilusionagarri» honetan parte hartzera.

2019ko aurrekontua eta 2018ko kontuak onartuta, bilerari amaiera eman zitzaion.

Por | 2019-05-10T11:07:05+00:00 mayo 10th, 2019|Albisteak|Comentarios desactivados en Cederna Garalur Elkarteak bere batzarra egin du, eta susperraldi ekonomikoa erakutsi du