Eugik, Agoitzek eta Urroz Hiriak bat egin dute heldu den asteburuan burutuko diren Ondarearen Europako jardunaldiekin

Eugui_fabrica_armas_01_599x900

  • Jardunaldiak, Nafarroako Gobernuak antolatuak, Europako Kontseiluak sustatu ditu, eta «Ondarea guztiontzat» goiburua eman die 2016 honetarako.

Urriaren 1ean eta 2an, Eugiko, Agoizko eta Urroz Hiriko Kontzejuak Ondarearen Europako Jardunaldiak burutzeko hainbat ekintza antolatu ditu; hitzaldiak, bisita gidatuak eta kontzertuak.

Eugiko Kontzejuak errege arma-olaren monumentua eta eremu arkeologikoa izanen ditu ardatz. Eugiko errege arma-ola, aurten Kultura Intereseko Ondasun izendatua, arkitektura industrialaren eredu bikaina da. 10.000 km2-ko eremua hartzen du, eta horren barnean dira arma-ola bera eta meategi-barrutiak. Fabrikak, XVIII. mendean operatibo egon zenak, Eugiren bilakaera historikoa eta ekonomikoa finkatu zituen. Kontzejuak monumentua leheneratzea sustatu zuen 2012. urtean.

Urriaren 1erako (larunbata), hainbat hitzaldi antolatu dira gune horren inguruan. Azpimarratzekoak dira « Errege arma-ola: arkeologia industrialaren eredu«, eta «Eugiko errege-armategia: erreferentzia historikoak eta bisita gidatua«, errege arma-olako indusketak batera zuzentzen dituen taldeak emanak.

Bestalde, urriaren 2an (igandea), Agoizko Udalak bisita gidatua antolatu du Induriaga nekropolira, Agoitzen eta Longidaren arteko mugan. Nekropolia Zarikieta mendilerroaren gainaldean dago, eta 6.000 m2-ko azalera dauka. Hainbat harrespil eta zenbait iruinarrik osatzen dute, eta aipatzekoa da aztarnategi horien kokapen horren hegoalderakoa, baita bertan aurki daitezkeen monolito zentralak ere. Kilometro bat aurrera eginda, Jeronaleseko kastroa dago, Burdin Aroko herrixka, nekropoliaren garai berekoa datekeena.

Bisita goizeko 9:30ean hasiko da. Agoizko San Migel elizaren ondoko aparkalekutik irtengo da, eta 14:00etan bukatzea aurreikusten da.

Azkenik, Urroz Hiriak bisita gidatua programatu du urriaren 1erako (larunbata), Urroz Hiriko Jasokundearen Andre Mariaren elizara. Ekitaldiari goizeko 10:30ean emanen zaio hasiera, Errolanen Harrian, eta bertan izanen da Miguel Echavarri. Ondoren, 12:00etan, Latsaga abesbatzak kontzertua emanen du eliz atarian. 18:00etan, berriz, Urroz Hiriko Udaleko kultura-aretoan Simeon Hidalgok, Itzagaondo Ibarreko Elkarteko kideak, hitzaldia eta proiekzio bat emanen ditu, Urroz Hiriko eta eskualdeko fatxadetan diren grabatuei eta ikurrei buruz.

Ondarearen Europako Jardunaldiak Europako Kontseiluak sustatu eta Nafarroako Gobernuak antolatu ditu, eta eskualdeko altxorrak berraurkitzeko, ezagutzeko nahiz horietara hurbiltzeko aukera ezin hobea dira.

Gehiago jakiteko:

  • Eugiko Kontzejua. Jardueren egitaraua: «Eugiko kultura-intereseko ondasunak: errege arma-olaren monumentua eta horren inguruko eremu arkeologikoa».
  • Ondarearen Europako Jardunaldiak. Agoitz: bisita Induriagako nekropolira.
  • Ondarearen Europako Jardunaldiak. Hitzaldia: «Grabatuak eta ikurrak Urroz Hiriko eta eskualdeko fatxadetan».
Por | 2016-09-29T09:08:03+00:00 septiembre 29th, 2016|Albisteak, Prentsa Aretoa|Comentarios desactivados en Eugik, Agoitzek eta Urroz Hiriak bat egin dute heldu den asteburuan burutuko diren Ondarearen Europako jardunaldiekin